Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco logotipoa Segurtasun Saila
2017/12/05
Ertzaintzak zirkulazioa zaindu eta zuzenduko du Euskadiko errepide-sarean gorabeherarik izan ez dadin
Trafiko Zuzendaritzak zuhurtasuna, ardura eta errespetua eskatzen ditu errepidean jaiegun hauetan istripuak saihesteko
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak erne ibiltzeko eta zuhurtasunez jokatzeko eskatzen die gidariei jaiegun hauetan nabarmen gehituko denez zirkulazioa. Bihartik, abenduaren 6tik, igandera, abenduaren 10era, arte, hainbat jai-egunetako aldi bati emango zaio hasiera, eta nabarmen gehituko dira barneko joan-etorriak nahiz Estatuko beste toki batzuetarako bidaiak.
Prentsa bulegoa

“Egun hauetan errepideetako zirkulazioa nabarmen gehituko dela espero da, eta gogorazi nahi dugu zuhurtasunez, arduraz eta errespetuz gidatu behar dela" esan du Trafikoko zuzendari Sonía Díaz de Corcuerak. “Zabaltzen ari garen sentsibilizazio-kanpainan adierazten den moduan, ondo asko dakigu zer-nolako arriskua dakarten portaera arduragabeek, besteak beste, alkoholdun edarien edo drogen eraginpean, abiadura desegokian edo arreta gabe gidatzeak. Izan gaitezen, beraz, arduratsuak, eta eskain diezaiogun merezi duen arreta mugikortasun seguruari gure bidaia hasi aurretik eta bide osoan zehar”, jarraitu du esanez.

 

Joan den urteko abenduaren 5etik 10era bitartean, Ertzaintzak guztira 101 trafiko-istripu erregistratu zituen Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan; istripu horietako 29tan izan ziren zaurituak, pertsona bat hil zen Araban eta beste hiru pertsonak zauri larriak izan zituzten (bik Bizkaian eta batek Gipuzkoan).

 

2015ean, abenduaren 4tik 8ra bitartean –jai-egunak ostiraletik asteartera luzatu ziren– Ertzaintzak guztira 80 trafiko-istripu erregistratu zituen. Ezbehar horietan ez  zen heriotzarik izan, baina bi pertsona larri zauritu ziren eta beste 19k zauri arinak izan zituzten. 2014. urteko aldi berean –Maria Sortzez Garbiaren zubian– guztira 173 trafiko-istripu erregistratu zen (44 istriputan biktimak izan ziren); ez zen heriotzarik izan, baina bost pertsona larri zauritu zen.

 

Gomendioak:

Bidaiatu behar izanez gero, komeni da honako gomendio hauek aintzat hartzea:

  • Bidaiari ekin aurretik, komeni da errepideetako zirkulazio-egoerari buruzko informazioa izatea. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak hainbat bide ditu unean uneko trafiko-egoeraren berri emateko (www.trafikoa.eus webgunea, @trafikoaEJGV Twitterreko kanala, TrafikoaEJGV app-a eta 011 telefono-zenbakia).
  • Era berean, bidaia behar bezala prestatzeko komeni da aurreikuspen meteorologikoen berri izatea. Euskalmeten arabera, euria egin dezake, behe-lainoa sor daiteke eta tenperatura hotzak izango dira Euskadin. Baldintza meteorologiko kaskarretan, zuhurtzia handiagoz gidatu behar da: abiadura mantsotu eta aurrean ditugun ibilgailuekiko tartea handitu behar da. Gogoan izan zoru bustian distantzia handiagoa behar dela ibilgailua gelditzeko.
  • Euria ari duenean, pneumatiko higatuek ez dute ura behar bezala husten eta istripua eragin dezakete. Horregatik, aldian behin ordezkatu behar dira. Beira-garbigailuen gomak baldintza onetan eduki behar dira beti.
  • Izotza dagoenean, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez gaituzte libratzen irristatzeko arriskutik; beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea da egokiena.
  • Gidatu behar baduzu, ez edan alkoholdun edaririk eta ez hartu bestelako drogarik.
  • Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.
  • Bidaian komeni da atsedenaldiak egitea, gutxienez bi orduz behin edo 200 kilometroz behin. Nekea eta deskuiduak dira trafiko-istripu askoren arrazoi nagusiak.
  • Bigarren mailako errepideetatik zirkulatzen denean, erne jarraitu beharko dugu, nahiz eta ibilbide ezagunak izan. Gehiegizko konfiantza ez da bidaia-lagun ona izaten.
  • Arretaz eta errespetuz jokatu errepidean aurki ditzakegun txirrindulariekin. Txirrindulariak aurreratzean metro eta erdiko tartea, gutxienez, utzi beharko da haien alboan.

Honako esteka honen bidez sar zaitezke kontzientziazio-kanpainara:

http://bit.ly/2AyNZcZ


Lege-informazioa

Mapa Web

  • © 2012 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco