Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco logotipoa Segurtasun Saila
2017/11/30
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak larunbat eguerdira arte luzatu du alerta laranja elurragatik
Trafiko Zuzendaritzak eskatu du Ertzaintzaren aginduak jarraitzea eta ezkerreko erreia libre uztea elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek errepide-sarean izan daitezkeen gorabeherei erantzun diezaieten
Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak aktibatuta du Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa 700 metrotik behera elurra egin dezakeela eta; elur-maila 300 edo 400 metrora jaits daiteke ostiralean eta larunbatean. Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak larunbat eguerdira arte luzatu du alerta laranja elurragatik Aurreikuspen horien aurrean, Trafiko Zuzendaritzak eskatu du kontu handiz gidatzea, Ertzaintzaren aginduak jarraitzea eta ezkerreko erreia libre uztea elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek Euskadiko errepide-sarean izan daitezkeen gorabeherei erantzun ahal izateko eta errepideak garbi mantentzeko.
Prentsa bulegoa

Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzatik gomendio batzuk eman dituzte elur-prezipitazioek eragin ditzaketen ondorioak saihestu eta arintzeko. Elurrez estalita dauden errepideak erabili behar dituzten pertsonei gomendatzen die kontu handiz ibiltzeko, Ertzaintzaren patruilen aginduei arreta berezia eskaintzeko eta ezkerreko erreia libre uzteko, elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek bideak garbi mantendu ahal izan ditzaten eta Euskadiko errepide-sarean izaten diren gorabeherei erantzun ahal diezaieten.

 

Bestalde, Trafiko Zuzendaritzaren gomendioa da beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea eta arreta handiz gidatzea, abiadura moteltzea, aurretik doazen ibilgailuekiko segurtasun-distantziak handitzea eta kasu guztietan errepidearen egoeraren arabera gidatzea.  

 

Trafiko Zuzendaritzak eskatzen du erne egoteko errepidean sor daitezkeen izotz-plaken aurrean. Gogoratu du izotza dagoenean, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez gaituztela libratzen irristatzeko arriskutik; eta astiroago eta zuhurrago gidatzea dela, beraz, egokiena.

 

Neguko pneumatikoek segurtasuna eta mugikortasuna hobetzen dute. Trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzen dute zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean. Neguko pneumatikoak muntatu ez badira, elurte-garaietan behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea.

 

Funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokea ez daitezen. Hori gertatzen bada, ibilgailua kontrolik gabe geldituko da. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.

 

Elurrarekin abiatzean, pixkana azeleratu behar da. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar txikiagoa aplikatzeko.

 

 

Bideari ekin aurretik, eskatu errepideei eta egoera meteorologikoari buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren 011 telefono-zenbakiaren bidez eta Euskalmeten web-orriaren (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

 


Lege-informazioa

Mapa Web

  • © 2012 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco