Hasiera Gaztelania Itxi

Bide publikoetan aldi berean uztartu behar dira mugikortasuna, bizikidetza eta horiek erabiltzen ditugunon segurtasuna, harmoniaz eta etengabe. Horregatik, hauek dira bide-segurtasuna hobetzeko helburua duten planak eta programak garatzeko ardura dugunon jarduteko ildo nagusiak: azpiegiturak egokitzea, bide-pilaketak saihestea, ibilgailuen segurtasuna bermatzea eta errepideetako erabiltzaileek gizabidezko jokaera izaten laguntzea.

Testuinguru horri dagokionez, 2003an, Euskal Autonomia Erkidegoan lehenengo Bide-segurtasuneko makro-inkesta egin zen. Horren helburua zen errepideetako erabiltzaileen jokabideak eta jarrerak ezagutzea, edozein zela bere rola (oinezkoak, gidariak, laguntzaileak edo garraio publikoko erabiltzaileak). Gainera, makro-inkesta bost urtetan behin errepikatzeko bokazioarekin jaio zen, beraz horregatik berriro egin da 2008an.

Bietan, EUSTAT-ek emandako lagina erabili da, hain zuzen, 4.608 familia; horrek eta burututako landa-lan arduratsuak bermatzen dute agiri honek aurkezten dituen datuen fidagarritasuna eta balioa.

Familia bakoitzean, 13 urte baino gehiagoko kidea aukeratu da, hogeita hamar minututan, gutxi gorabehera, ea hirurehun galdera erantzun ditzan. Galderak bederatzi kapitulu hauetan daude sailkatuta, honela: baimenak eta lizentziak, ohiko joan-etorriak, istripuen eta zehapenen historiala, bide-segurtasunaren arazoaren aurrean kontzientzia orokorra, errepideak erabiltzen dituztenen jokabidea, bide-prestakuntza, komunikazioa eta kanpainak, istripua izan ondorengo arreta eta bide-prestakuntza.

Laginarekin lortutako datuak, garbitu eta gero, aurkeztu dira, emaitzak baliozkoak izan daitezen Euskal Herriko 13 urte baino gehiago duten herritarrentzat.

Datuak erabiltzea errazteko asmoz, makro-inkestan sartutako galdera guztiak lurralde historiko, sexu eta adinaren arabera egin dira. Era berean, datuak bi bertsiotan aurkeztu ditugu, bata milakotan eta bestea ehunekotan.

Aurreko makro-inkestaren emaitzak liburu batean argitaratu ziren. Oraingo honetan, CD formatuan aurkeztuko dira. Horrekin, ez taulen azterketa eta manipulazioa bideratzea bakarrik, azken bost urteetan Euskal Autonomia Erkidegoko errepideak erabiltzen dituzten pertsonen jokabide eta jarreren bilakaera ulertzea ere lortu nahi izan da.